XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esku harmatua aurreratzen dik, hi bostgarren pausoa ematen saiatzen haizenean.

Ezker aldera okertzen haiz eskuineko eskuari Parabellum-aren kulata bila joateko agintzen dioanean.

120 SEGUNDO. Beste pauso bat.

Ezkerreko zango gainean finkatzen haiz automatikaren kulata hotz latza eskuineko eskuan sentitzen duanean. 118 segundo.

Xistua irentsiz zango bero zauritu odoleztatua ere lurreratu egiten duk.

Seigarren pausoa ematen duk hiltzeko falta zaizkian ehun eta hamabost segundoetako lehena arnasatzen dualarik.

Gorputza bi zango irekien artean tinkatuz eskuineko esku harmatua altxatzen hasten haiz. 110 segundo.

Heure aurrean STARaren forma beltzak begiratzen dik, hik behatza gatilloan jartzerakoan. 108 segundo.

Zabalik euki nahi hituzkeen begiak hertsi egiten zaizkik eta hamabostgarren pausoa hamalaugarrenaren erdiarekin desegiten duk atzeraka.

Airean flotatzen sentitzen haiz borondate-akto batetan, zaztatzen hauen berunaren kontra pauso galduak berrematen saiatzen haizenean. 105 SEGUNDO.

Eztarrian zerbaitek ukatzen ziek hire birikei, esijitzen duten haizea arnasatzea azken 103-garren segundoa konsumitzen duanean.